XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ez da ahaztu behar elementu honek garai historiko zehatz baten lekuko direla eta, besterik izan ezean, horrek badu berez garrantzia, garai horretara hurbiltzen baikaitu.

Industri Ondarea Legazpin deritzon azterlan honen kronologia XIX. mendearen hasieratik XX. mendearen erdi aldera artekoa da. XIX. mendearen lehenengo urteetan hasi ziren sortzen Euskal Herrian lehenengo industri eraikinak, beranduago produkzio-egitura industrialak bihurtuko zirenak hain zuzen.

Mende honetako 40ko hamarkadaren lehen urteetan amaitu dugu azterlana, une horretan aldi edo fase berri bat hasi baitzen industri sektorean; izan ere, aldi berean, ekonomi koiunturan aldaketa sakonak gertatu baitziren eta ondorengo ekonomi garapenak ordurarte bizi izandakoaren desberdina izango zen bilakaera jarraitu baitzuen.

Honela, gainera, ikuspegi historikoak eskatzen duen urruntasun nahikoa lortuko genuke.

Beraz, iharduera protoindustrialen aztarnak azterlan honetatik at gelditu dira; horien artean Legazpin burdinolak nabarmentzen dira, bertan iharduera garrantzitsua izan baitzuten eta, gaur egun, oraindik ere beraien aztarna ugari ikus daiteke.

Ondarea da lan hau gidatzen duen elementu nagusia, baina egoki iruditu zaigu, bide batez, gaur egun desagertuta egon arren, herriko ekonomia eta ondarea garatzeko orduan garrantzia izan zuten enpresen historian geldiunetxo bat egitea; hor ditugu adibidez Pedro Seguraren enpresak edo Gracian Alberdiren zementu-fabrika, gaur egun ez dauden arren bere garaian garrantzi handia izan zutenak hain zuzen ere.

Industri ondarea gero eta hobeto ezagutzeari esker eta gizartea eta instituzioak horrek duen garrantziaz ohartzen hasi direnetik, elementu horien balorea gaurkotzeko iharduketak sortzen ari dira han-hemenka. Legazpin, horren adibide dira Olaberriako eta Olazarrako burdinoletan egin diren berreskuratze-lanak edo Udanako gainean dauden meatze-egituretan egindakoak.

Ekimen horiek Lenbur Proiektuaren (Legazpi, Natura eta Burdina) zati dira; Legazpik gogor heldu dio erronka horri eta proiektuaren helburu nagusia herriari bultzada bat ematea da. Lenbur proiektuaren inguruan talde kultural, ekonomiko eta sozial desberdinak bildu dira, baina kultur ondarea berreskuratzea da ardatz nagusia.

Legazpiko industri ondareari buruzko azterlan hau ez da inola ere behin-betikoa. Lan garrantzitsua hasi dugun arren, jakin badakigu oraindik bide luzea egin behar dela eta lanean jarraitu beharko dela ikerketa sakondu ahal izateko. Ahaleginak ahozko iturrietara, enpresen artxiboetara... bideratu behar dira bereziki.

Lan hau, aurrerago egin daitezkeen eta Legazpiko industri ondareari buruzko ekarpen berriak egingo dituzten beste lan batzuen abiapuntua baino ez da, guztion artean gai honi merezi duen maila eman behar baitiogu.